5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

Ekarpen ekonomikoa:

Nafarroako zerga- eta finantza-jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren sistema bereziaren bitartez arautzen da. Sistema horren arabera, Nafarroak eskumena du bere zerga-araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko. Zerga horiekin lortzen dituen baliabideak bertako politikak finantzatzera bideratzen dira, baina, era berean, Estatuari ere urtean behin ekarpen bat egin behar dio bere gain hartzen ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Erkidegoak berak gauzatzen ez dituen eskumenei dagozkienengatik.

Hitzarmen Ekonomikoarekin bat etorriz, Nafarroak urte horretako behin-behineko ekarpena lau epetan ordaindu behar du, eta, halaber, lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko ekarpena likidatu behar du, eta administrazio baten edo bestearen alde sortzen diren diferentziak erregularizatu.

2015. urtean, bosturteko berri baten lehen urtea zen, eta, hortaz, 2015-2019 aldirako oinarrizko ekarpena hitzartu behar izan zen, Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa arautzen duen Legearen (abenduaren 28ko 28/1990) 59. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. 2016. urterako, behin betiko ekarpena ezartzeko, 2015 oinarri-urteko ekarpenari 60.2 artikuluan aurreikusitako eguneratze-indizea aplikatu behar zitzaion.

Ekarpen horiek bi administrazioen artean adostuta ezarri behar dira. Hala ere, negoziazioak ez ziren hasi 2016. urte amaiera aldera arte, eta, hortaz, Nafarroako 2016. urteko ekarpenaren kontura ordaindutako zenbatekoa 520.686,64 mila euroko zenbatekoan ezarri da, Hitzarmen Ekonomikoaren 63.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Zenbateko hori erregularizatu egingo da, eta administrazio baten edo bestearen alde sortzen diren diferentziak bosturteko berri horri buruzko akordio bat lortu bezain laster likidatu beharko dira.

Bestalde, 2015eko otsailaren 17ko Koordinazio Batzordearen akordioaren bitartez, erabaki zen Foru Erkidegoak finantzarioki konpentsatuko duela Estatua, Sektore Elektrikoaren gaineko Zerga izenekoaren bitartez bildutakoagatik (Energia elektrikoaren balioaren gaineko zerga eta erregai nuklear gastatua eta hondakin erradioaktiboak ekoiztearen eta biltegiratzearen gaineko zergak). Halaber, konpentsazio hori urtean lau epetan likidatzen da behin-behinean, eta martxoan aurreko urteko behin betiko konpentsazioa likidatzen da. 2016an, 20.317,66 mila euroko zenbatekoa ordaindu da: 19.996,15 mila euro 2016ko behin-behineko konpentsazioagatik eta 321,51 mila euro 2015eko erregularizazioagatik.

Zeharkako zergapetzeagatiko doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoko 65. artikuluak zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalak ezartzen ditu, BEZaren eta Fabrikazioaren gaineko Zerga berezien bilketa hobetzeko, zerga horiek zuzenean kudeatzeko ezarrita dauden lotura-puntuekin eta harmonizazio-irizpideekin bat etorriz.

2016. urtean, doikuntza fiskalak behin behinean likidatu dira Koordinazio Batzordeak 2010-2014 bosturtekorako adostutako kalkulu-metodoen luzapena aplikatuz, oraingo bosturtekoan aplikatu beharreko indizeak eta prozedurak adostu bitartean.

Aplikatutako indizeen arabera, 800.535,6 mila euro garbi ateratzen dira Nafarroarentzat. BEZari, Garagardoari eta Tabakoari dagozkien doikuntzak Nafarroak ordaindu behar ditu, eta Alkoholagatiko eta Hidrokarburoengatiko doikuntzak, berriz, Estatuak.

Jarraian adierazten den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoak eragindako finantza-fluxuen zenbateko nagusiak. Zeharkako zergapetzeagatiko ekarpena eta doikuntza fiskalak.

71. taula. Hitzarmen Ekonomikoko finantza-fluxuak