3.2.6.2 Kexak

Gaur egun ez dago kexak aurkezteko kanal espezifikorik, ezta kexak sistematikoki tratatzeko prozedurarik ere. Kexak ahoz ez ezik, beste modu batzuetara ere jaso daitezke: Erregistroan aurkezten diren instantzien bidez, Ezkirotz 16 helbidean dagoen bulego nagusian zein beste lurralde-bulegoetan horretarako jarrita dauden postontzian idatziak utziz, edo Nafarroako Zerga Ogasuneko postontzi nagusira mezu elektroniko bat bidaliz.

Urte osoan idatziz jaso direnak ez dira hamarrera iristen; aurreko urteetan ere kopurua antzekoa izan zen, eta hori oso gutxi da artatutako pertsona kopurua kontuan izanda.

Jasotzen diren kexak, horiek aurkezteko aukeratutako kanala edozein dela ere, aurreko urteetako kausa berdinei buruzkoak dira. Honako hauek dira:

  • Euskarazko arreta, eta horri lotutako beste kontu batzuk:
    • Aurrez aurre hizkuntza honetan arreta eman dezakeen pertsonarik ez egotea edo pertsona nahikoa ez egotea, hala administrazio-kontuetarako nola teknikoetarako.
    • Ezkirotz kaleko bulegoetako instalazioetako seinaleak gaztelania hutsez egotea.
    • Euskarazko edo bi hizkuntzako formularioak ez sartzea eremu euskaldunean bizi den hartzailea duten bidalketetan.
    • Bi hizkuntzako inprimakirik ez egotea. Alde horretatik, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuak (otsailaren 10eko 29/2003) ezartzen du formula elebiduna euskarri fisiko bereizietan erabili ahalko dela, Administrazioko organo eskudunak hala erabakitzen duenean, eta hala erabaki du inprimaki-ereduen kasuan, zeinak hizkuntza bakoitzeko bertsio bereizietan onartzen baitira Departamentuko Kontseilariaren Foru Aginduaren bitartez.
    • Ziurtagiriak gaztelaniaz bakarrik egitea.
    • Webguneko atal batzuk osorik edo zati batzuetan gaztelaniaz bakarrik egotea.
  • Aurrez aurreko arreta
    • Langile gutxi egotea edo aurrez aurreko arreta ematen duen langileren bat atsegina ez izatea edo tratu desatsegina ematea.
  • Aitorpenak telematikoki aurkezteko derrigortasuna.
  • Aitorpen zehatz batzuk ez egitea (BEZa eta hirugarrenekiko eragiketak).
  • Nafarroa iparraldean lurralde-bulegorik ez egotea.
  • Ezkirotz kaleko bulegora sartzeko eta handik irteteko deserosotasuna (ate birakaria).
  • Langileak ez egotea, sindikatuen batzarretara joan behar izateagatik.