3.2.6.1 Gogobetetze-galdeketak

Aurreko urteetan bezala, erreferentzia gisa urrian jasotako deiak hartuz, azaroan galdeketa bat egin zitzaien zergadun erabiltzaileei, eskaintzen den telefono-zerbitzuaz zein iritzi duten jakiteko. Galdeketaren bitartez, ondorioztatu zen zerbitzua oso positibotzat jotzen zutela (10etik 7,69), ia-ia 2015. urtean bezala (7,68).

Aurreko urtearekin konparatuta, hobetu egin da gogobetetze-maila lehen mailan (administraziokoa), 7,80tik 7,87ra igo baita, baina okertu egin da bigarren mailan (arlo teknikoa eta zergen arloa), 7,56tik 7,43ra jaitsi baita.

Aurreko urtearekin alderatua, nota pixka bat hobetu da ia zerga guztietan. Inkestarien iritziz, ematen den zerbitzua oso erabilgarria da, eta bereziki nabarmendu dituzte operadoreen adeitasuna eta ezagutza, baita haien azkartasuna eta interesa ere. Horrez gain, askok baloratu dute, bereziki lehen mailako kontsultetan (administraziokoak) jasotako azalpenen argitasuna, zeina hobetzeko alderdi gisa markatu baitzuten aurreko urteetan. Oraindik ere puntu gutxiena jasotzen dituen alderdia egun jakin batzuetan zerbitzuarekin harremanetan jartzeko erraztasuna da, telefonoak komunikatzen egon ohi direlako, batez ere kudeatzaileei bideratutako kontsultetarako.

Zerbitzu hau nahiko edo oso erabilgarritzat jo dute inkestatuen % 98,33k, eta gehien egin den iradokizuna arretarako langileen kopurua areagotzea izan da.