2.4.7 Gainerako zergen bidezko diru-sarreren bilakaera

Gainerako zergen bidezko diru-bilketa likidoaren bilakaerari dagokionez, honako gertakari hauek dira aipagarrienak:

  • Ondarearen gaineko zergak portaera negatiboa izan du, % 35,6ko beherakadarekin. Horren arrazoi nagusia izan da 2014. urtean onetsitako erreforma, diru-sarrerak 17.026,3 mila euro murriztea ekarri baitu.
  • Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak ere aldakuntza negatiboa izan du, % 17,7koa, baina kasu honetan arrazoia da 2015. urtean izan zuen ezohiko diru-sarrera altua.
  • 2016an ezohiko zenbatekoa bildu da 2014 eta 2015eko zergaldiei dagokien merkataritza-gune handien gaineko zergaren bidez: 3.084,8 mila euro. Zerga hori indargabetu egin da, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondoreekin, Erkidegoko araudia urra dezakeelako.
  • Aurrera jarraitu dute “zentimo sanitario” deiturikoaren itzulketek, 5.854,1 mila euroko zenbatekoan; horren arrazoia da Europako Justizia Auzitegiak adierazi zuela, epai bidez, Hidrokarburoen Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga Europako ordenamenduaren kontrakoa zela, eta horregatik da negatiboa zerga horren bilketaren zenbatekoa.
  • Nafarroako Zerga Ogasunak lehen aldiz kudeatu ditu honako zerga hauek urte oso batez: kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga, loterietako sarien gaineko karga, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, joko-jardueren gaineko zerga eta gas fluoratuen gaineko zerga. Horrek baldintzatu egiten ditu zerga horien guztien aldakuntza-portzentajeak, bai eta 2013-2014 urteengatik Estatuarekin 2015ean likidatutako fluxuek ere. Hori horrela, diru-bilketari dagozkion aldakuntza-portzentajeak eta aldeak ez dira adierazgarriak.